2010/12/12

... eta hau ere aldatuko da.

Bufff! itolarria izan da artikulu hauek irakurtzean sentitu dudana. Gure etxean eta lanean hain lasai gabiltza gure ordenadoreekin lanean, jolasean, sormen lanetan eta hau guztiaren atzetik badabil hainbat interes eta goi kargu beraien borondate eta interesen arabera gauzak arautu nahian. "Gran hermano" batek (izugarri handi batek) kontrolatu nahi gaitu denak, jada nahikoa ez bagaude ere, batez ere Internetek neurri handi batean ahalbidetzen duelako.

Badirudi orain arteko gertaera eta egoera guztiak kontrolpean zeudela, ez zegoela hauen egokitasuna neurtzeko arazorik: ongi badago, aurrera; gaizki badago, zigorra. Baina zer gertatzen da orain? Ingurune, bizimodu, tresna, filosofia berriak eta horiek arautu behar. Nola? Hor dago gakoa.


Internetek ematen digun askatasuna hemendik gutxira mugatuko digutela  iruditzen zait. Ez agian, Richard Stallman-en idatzian azaltzen den neurrian (edo guk hau ez dugu ezagutuko) baina bai arlo askotan jendea hain libre izateak norbaiti traba sortzen hasten dion heinean. Ez dut honekin esan nahi edozein gauza egiteko askatasuna izan behar dugunik, ezta inola ere, baina zentzuz jokatzen badakigu gehienok. Lan bat egiten duenak aitorpen bat merezi du eta pertsona hori izango da bere lanarekin zer egin daitekeen erabaki dezakeena. Berak zabaltzeko baimena ematen badu, irakurtzeko, moldatzeko... zerk edo nork oztopa dezake du hori?

Norberaren baitan dago mundu berri honen barruan darabilgunari neurria jartzea; norberaren lana da ongi eta gaizki zer dagoen jakitea, uste dut ez digutela hau orain erakutsi behar, eta norberaren esku dago ere dagokionari bere lanaren aitorpena egitea.

Neurri handiago edo txikiago batean denok kopiatu dugu, gure ustean beste inori kalterik egin gabe eta ziurrenik hala jarraituko dugu. Guretik ere noizbait kopiatuko zutela? Noski! Garrantziarik ematen al diogu honi? nik behintzat, ez, baina aitortzen dut nik egindakoa dela aipatzea nire egorako gustagarria izango litzatekeela. Arrazoi honengatik, nire blogean "CC by" lizentzia jartzea erabaki dut. Nahi duenak ikusi, irakurri, erabili, moldatu eta traba handia ez bada, nirea dela aipatu.

No hay comentarios: