2010/10/28

Arbela digitala

Aspaldi honetan ez naiz blogean sartu baina martxan jartzen ari naizen proiektuaren berri emateko sikiera egingo dut.
Gaur Arbela digitala egiten saiatu gara. Nahiko ongi joan zaigu, programa jaitsi, zabaldu eta wii-aren mandoarekin asmatu dugu. Kontua da arkatzak iaz erosi nituela eta ez dabiltzala oso ongi. Ez dakit nik neuk egin ala berriro enkargatuko ditudan baina aste honetan lortu behar dugula argi dut...

2010/10/17

1.3. JARDUERA: IKT-EN INGURUAN TALDEAK KUDEATZEN

  
Agian nire lana ez da zerotik hasiko, iaz ere honetan aritu nintzelako. Nire proiektuak hiru zati ditu eta bakoitza desberdintzea nahitaezkoa da nahiko desberdinak direlako.

1. Moodle-Formakuntza:

Ikastaro hau denok derrigorrez jaso behar dugunez, niretzako trabarik handiena zenbait irakaslek gai honekiko duten jarrera izan daiteke. Beldurra edo ezjakintasunak mugatzen ditu askotan eta ikasteko irekiak egon beharrean, oztopoak eta trabak jar ditzakete. Ez diote lan honi abantailarik ikusten eta ez zaie baliagarria iruditzen.
Beste eragozpen bat konexioarena da; egia esan, esku artean dugun arazo hau ez bada hilabete honetan konpontzen, data atzeratu beharko dugu eta larri xamarra iruditzen zait.
Aipatuko dudan azken arazoa, zuzendaritza taldeak gai honetan aitzindaritzarik eraman ez duela da. Badirudi IKT-en mundua ez dela beraiei dagokien zerbait eta ia ekintza guztiak gure aldetik antolatu behar ditugu.
Diru eta baliabide kontuak ez ditut aipatuko eskola guztietan antzekoak izango baitira.
Ikastaroa bi lagunen artean emango dugu gure klaustroa nahiko handia delako eta alde honetatik ez dut arazorik ikusten. Hasierako maila landuko dugu eta oinarrizko kontzeptuak azaldu. Honetarako, lana nola egin bion artean adostu dugu.

2. Orduz kanpoko formakuntza:

Zalantzarik gabe hau izango da niretzat proiektuaren zatirik errazena. Irakasleek izena bertan eman dute nahi dutelako, interesatuak daudelako eta hemendik denbora gutxira erabilgarria izango zaiela ikusten dutelako.
Oztopoa aniztasuna da. "Self-service" antzekoa antolatu dugu. Ez da erraza irakasleak beren nahien arabera taldekatzea, beraz, gauza desberdinak nahi dituztenak saio berean elkartzeak hainbat traba sor ditzake. Posible da, iaz honetan trebatu ziren beste irakasleen laguntza izatea eta azpitaldeak eginez lana aurrera ateratzea. Irakasle hauen jarrera eta gauza berriak ikasteko gogoa benetan motibagarria da eta beraien ekoizpenak ikusteak bidean sor daitezkeen traba guztiak gainditzen ditu.

3. Arbela digital merkeak:

Oztopoa: dirua. Nahiz eta 60€-gatik arbela digitala egiteko aukera izan, dirua eskatzea inoiz ez da erosoa eta erabilgarritasuna ikusi behar zaio proiektuaren zati honi aurrerabidea emateko. Informatika gelan dugun arbela oso irakasle gutxik erabiltzen du, beldurra da arrazoi nagusia. Zenbat eta gela gehigotan jarri orduan eta normalagoa egingo zaigu denoi eta ziur nago erraztasun handiagoz erabiliko dugula.
Iruditzen zait arbela egitea ez zaigula zaila izango. Honetarako informatikako irakaslearen laguntza izango dut eta uste dut bientzat berria izan arren lortuko dugula.

2010/10/14

2. ariketa

Hemen uzten dizuet ikusteko


1.2. JARDUERA

Egia esan, asteburu honetan deskonektatu xamar ibili naiz eta orain azken momentuan lana egiten. Foroan daudenak ikusi ditut eta oso egokiak direla iruditzen zait, bakoitza bere beharren arabera egina, noski. Ea arratsaldean, lehenbailehen nirea igotzen dudan.

2010/10/05

Lehenengo ariketa

Bukatu dut! uste nuen ez nintzela gai izango halako datuak jaso eta taula eta memoria batean biltzeko. Lau ordutako lana omen, baina... denbora mordoa eman dut nik lanean nahiz eta emaitzak agian honela ez erakutsi. Hurrengoa, urriaren 15erako; ni bitartean deskantsatzera joango naiz eta gaiari buelta batzuk emango dizkiot Amsterdanetik. Gure institutan KT-etan ez gara oso trebeak izango baina bidaiak antolatzen paregabeak gara. Ongi pasa!


2010/10/04

PPT

Hau da sortu dudan aurkezpena. Eskolan gertatzen ari dena ikusteko baliagarria dela uste dut.

Ikastaroa

1. ariketa egin dut eta uste nuena baina zailagoa iruditu zait. Denbora ere ez dut sobera eta azkenean dena elkartzen da. Interesgarria bada, batez ere eskolan ditugun gabeziez ohartzeko eta ahal dugun neurrian hauek pixka bat osatzeko.