2010/11/24

Mundu berri bat

Gauza pila pasatzen zait burutik eta denak ordenatzea zaila egiten zait.

Irakurri ditudan artikulu-idazkietan jakinak diren gauza asko eta berriak iruditu zaizkidan beste  hainbeste topatu ditut.Urte gutxitan aldatu beharko dugu ohikoa-antzinako den hezkuntza eredutik mundu berri bat gure aurrean izateak behartzen gaituenera. Ikasleak analfabeto (idatzi-irakurtzeko gai ez dena?) izatetik, irakasleak teknologia berrietan paper hori betetzera pasatu gara; edo, ez al da hala? Betidanik legezko iruditu zaiguna zalantzan jarri eta zigortuko genukeena onartu. Uste dut, nire kasuan behintzat, azken honekin izan ditzakedala arazorik gehienak.

Teorian bai. Denok badakigu zer iritsi den eta zer datorkigun gainera, baina ez diogu egoerari aurre egiten edo aurre egin nahi. Berritzaileen izan beharko lukeen taldea ez al da atzerakoiena? 

Ken Robinson-en bideoak argi uzten du zeinen ederki egiten dugun lana gizarte honetako partaide izango ez bagina bezala. Aparteko gela batean kokatu dugu gure lantokia eta izugarri kostatuko zaigu hemendik ateratzea. Gure bizitzetan arrapaladan sartzen ari den aro berri honek lo harrapatu ditu asko eta ez dute esnatzeko gogorik. Orain arte tresna horiek erabili gabe moldatu bagara zer beharra dugu orain erabiltzeko?
Zaila da guk menderatzen ez ditugun bitartekoen bidez ikasleak hezitzea eta are zailago gure eskemetatik at gelditzen den hainbat prozedura onartu eta praktikan jartzea, "edukien sorzaile" izateko modu berria, alegia.

Eta agian, IKTetan murgilduko gara pixkanaka-pixkanaka, derrigorrez askotan, baina zailena hurrengo pausoa izango da: teknologia berriak, gaur egun geletan erabiltzen dugun materialaren isla izatetik, ikasleek  bereganatu behar dituzten gaitasunak lortzeko baliabide gisa erabiltzea.


No hay comentarios: